Iraurgiko hainbat jokalari selekzio desberdinekin lanean aritu da

img
Eneritz Larrañaga Barakaldo Hiria Txapelketa jokatzen Poloniaren aurka. (Argazkia: Javier Zurbano)

U18ek, kadeteek eta infantilek euskal selekzioko entrenamenduak eta txapelketak izan dituzte, mini mailakoak, aldiz, Euskadiko txapelketak prestatzen aritu dira.

Gabonetako oporrak beti izan dira garai onak selekzioentzat. Haurrek eta gaztetxoek denbora librea dutela kontutan izanik hainbat txapelketa eta prestakuntzarako entrenamendu egin ohi da. Aurten ere horrelaxe izan da eta bertan aritu da Iraurgi SB taldeko hainbat jokalari.

Zaharrenetik hasita Eneritz Larrañaga izan dugu Euskadiko U18 selekzioan Barakaldo Hiria Txapelketaren VII. Edizioan. Txapelketa internazionalean Euskadiko selekzioez gain Espainiako, Poloniako eta Hungriako selekzioak aritu dira, eta Larrañagak eta bere taldeak partidurik irabazi ez arren oso maila polita eman dute.

Kadete mailan, berriz, beste Larrañaga bat izan dugu ordezkari. Larraitz Larrañagak Espainiako txapelketa jokatu du pasa den astean Valladoliden. Taldearen emaitza ez izan arren onena, azkenean maila mantentzea lortu du Euskadik eta Larrañagaren lana oso garrantzitsua izan da horretarako. Oso maila ona erakutsi du azpeitiarrak.

Infantil mailan, berriz, Espainiako txapelketa oraindik urrun dela eta oraindik aurre selekzioko entrenamenduak egiten ari dira. Zarautzen elkartu dira hainbat egunetan eta han entrenatu dute aurrerago selekzioa egiteko. Bertan gure taldeko ordezkari ugari ditugu Alazne Lizundia, Alaitz Ezama, Miren Ezama, Maite Merketegi eta Nerea Soraluze jokalari moduan eta Joseba Lizarralde, Luis Agirre, Aritz Aldalur eta Jon Campos entrenatzaile gisan. Horiek Aste Santutako oporrak aprobetxatuko dituzte Espainiako Txapelketa jokatzeko.

Eta amaitzeko Mini mailako Gipuzkoako selekzioak datorren asteburuan jokatuko duten Euskadiko Txapelketa prestatzen aritu dira Gabonetan. Murgian jokatuko da txapelketa eta gure neska mutilek urtarrilaren 9an, ostiralean, Bizkaiaren aurka jokatuko dute eta igandean, urtarrilaren 11an, Arabako taldearen aurka. Bertan, nesken eta mutilen aldetik ditugu ordezkari ugari. Mutiletan Ioritz Legarda-Ereñu, Mikel Olaizola eta Unax Odriozola jokalariak izango dira eta nesketan, berriz, Nagore Kerejeta, Eneka Larrañaga, Maria Otaegi eta Aroa Odriozola .

ZORIONAK ETA ZORTE ON GUZTIOI!