Aurrera jarraitzen du Zurt ISBk bitik bi irabazita

img
Zurt Taberna ISB Gasteizen. (Argazkia: Juanjo Goenaga)

Portugaleteri 50 eta 28 irabazi zion larunbatean eta 57 eta 67 hartu zuen mendean Gasteizko Araski taldea igandean. Horrela, Lizarralderen neskek bigarren postuan jarraitzen dute.

Pasa den asteburua gogorra izan zen Zurt Taberna ISBrentzat, bi partidu jokatu behar izan baitzituzten. Larunbatean, ohikoa ez den bezala, Azpeitiko kiroldegian jokatu zuten Portugaleteren aurka eta nahiz eta partidu ona ez egin 50 eta 28 irabazten amaitu zuten Azkoitiko neskek. Igandean, berriz, Gasteizera bidaiatu behar izan zuten eta asko kostatuta izan bazen ere, garaipena lortu zuten Araskiren aurka, 57 eta 67. Bi garaipen horiek lortuta, Joseba Lizarralderen neskek sailkapeneko bigarren postuan finkatu dira eta denboraldi biribila osatzen jarraitzen dute.

ZURT TABERNA ISB 50 - 28 PORTUGALETE

Larunbateko partidua ez zen ona izan. Etxeko taldeak erabaki ezegoki asko hartu zituen eta ondorioz, baloi ugari galdu eta hutsegite asko egin zituen. Bestalde, bizkaitarrentzat ere ez zen oso partidu ona izan, lortutako puntuek garbi uzten baitute ez zirela fin ibili uztai aurrean.

Portugaletekoek hobeto hasi zuten partidua eta lehen minutuetan 2 eta 8ko partziala egin zuten. Hala ere, ez zien asko iraun horrek, Zurtekoak esnatu eta 10 eta 0ko partzialarekin erantzun baitzien. Hortik aurrera, horrela izan zen partidua. Bigarren laurdenean, Zurtekoak saski aurrean fin ibili ez ziren arren defentsa ona egin zuten eta aurkariak hiru puntutan bakarrik utzi zituzten. Horrela, apurka tartea zabaltzen joan zen etxeko taldea eta atsedenaldian 12 puntutakoa zen abantaila.

Atsedenalditik bueltan bi taldeak gaizki aritu ziren bai erasoan eta bai defentsan. Puntu gutxiko laurdena izan zen eta joko aldetik ere ez zuen ezer erakutsi bi taldeetako inork. Laurden horretan aipagarriena Ainhoa Bereziartuak eman zituen minutu onak. Hala ere, azken laurdenean gureak berriro apur bat esnatu ziren eta tartea zabaldu zuten. Horrela, 50 eta 28kora iritsi ziren.

Partzialak: 13-8, 10-3, 11-10, 16-7

ZURT TABERNA ISB
Garazi Arregi (2), Maite Lizarazu (8), Eider Bereziartua (2), Intza lizarazu (13), Itsaso Astigarraga (5), Ane Goenaga (4), Maitane Gurrutxaga (2), Aitziber Bersga (7), Ainhoa Bereziartua (4), Maite Galdos (3).

PORTUGALETE
Arza (5), Incera, Bueso, Urresti (2), Nanclares, Martinez (6), Iturritza (7), Rey (3).

ARASKI 57 ZURT TABERNA ISB 67

Aurreratutako partidua jokatu zuen Zurt ISBk igandean Gasteizen eta nahi eta azken postuetan aurkitzen den aurkaria izan bazekien partidu oso zaila izango zela. Oso talde borrokalaria da Araski eta indartsua egiten da bere etxean.

Partidua berdintasunez hasi zuten Zurt Taberna ISBkoek eta Araskikoek. Talde baten saskiratzeari besteak saskiratuz erantzuten zion eta horrela alde txikiak izan zituzten bi taldeek lehen laurdenean. Bigarrengoan hobeto aritu ziren Iraurgikoak, baina hala ere ezin izan zuten abantaila handirik zabaldu. Itsaso Astigarragak defentsan aropean egindako lanak eman zien aukera Zurtekoei abantaila txikia lortzeko. Hala ere, Araskik azken minutuetan lortu zituen saskiratzeei esker gerturatu egin ziren eta Zurt Tabernak 4 puntutako abantaila bakarrik izan zuen atsedenaldian.

Atsedenaldi ostean, Zurtekoak partidua apurtzera irten beharrean, berriz, lo egin zuten salto kantxara eta Araskikoek hori aprobetxatu egin zuten. Beraiek baloia ondo mugitu zuten eta gainera ehuneko onak izan zituzten jaurtiketetan. Gureak, berriz, noraezean ibili ziren bai atzean eta bai aurrean. Horrela, gasteiztarrek aurretik amaitu zuten laurdena.

Eta azken laurdenean erabaki zen partidua. Zurtekoek ondo hasi zuten azken laurdena 2 eta 8ko partzial batekin berriro aurretik jarriaz. Hala ere, Araskikoek ez zituzten besoak jaitsi eta berriro aurrea hartu zuten. Hiru minutu faltan galtzen ari ziren Iraurgikoak eta partiduak itxura beltza zuen. Baina, Intza Lizarazuk erasoko ardura bere gain hartu zuen eta lan bikaina eginez hamabi eta hutseko partziala zuzendu zuen. Horrela, oso garaipen garrantzitsua lortu zuen Zurt Taberna ISBk.

Datorren asteburuan jai izango dute gure neskek eta inauteriez gozatzeko aukera izango dute.

ARASKI
Magan (6), Cabello. Vesga (17), Iñiguez (3), Larrazabal (3), Perez (14), Del Campo (5), Sarasti, Cano (9).

ZURT TABERNA ISB
Garazi Arregi (5), Maite Lizarazu (7), Eider Bereziartua (6), Intza Lizarazu (30), Itsaso Astigarraga (9), Ane Goenaga, Maitane Gurrutxaga (3), Aitziber Besga (4), Eneritz Larrañaga (2).