Asko sufritutako garaipenek zapore hobea daukate

img
Argazkia: Javier Zurbano.

Zurt Taberna ISBk 65 eta 62 irabazi zion Leioa SBTri eta garaipen horrekin gertuago daukate play off-etarako giltza.

Zurt Taberna ISBk mendean hartu zuen Leioa SBT pasa den larunbatean Azkoitiko kiroldegian. Joanekoan 7 puntugatik galdu ostean bazekiten Joseba Lizarralderen neskek oso partidu garrantzitsua zela asteburukoa eta azken laurden ona jokatuta 65 eta 62 irabazten amaitu zuten. Garaipen horrekin gertuago dauka Zurt ISBk play off-etara pasea ematen dion txartela, zortzi partidu faltan bost partidutara baitaukate seigarren sailkatua.

Zurt Taberna ISBk ez zuen ondo hasi partidua. Erasoan ezin zuten aukera garbirik aurkitu eta defentsan, berriz, erraztasun ugari eman zizkieten bizkaitarrei. Horrela, nahiz eta oso handiak ez izan, kanpoko taldeak lortu zituen partiduko lehen abantailak. Laurden amaieran bost puntugatik irabazten ari ziren Leioako neskak.

Bigarren laurden hasieran berdin jarraitu zuten gauzek Azkoitian. Gureek ezinean jarraitzen zuten eta Leioakoek markagailuan aldeak handitzen jarraitu zuten. Hamar puntutako abantaila lortu zuten bizkaitarrek eta partidua kontrolpean zutela zirudien. Orduantxe iritsi zen, ordea, gure nesken erreakzioa eta erabaki hobeak hartuaz min egiten hasi ziren barneko jokoan. Horrela, hamalau eta hiruko partziala egin zuten eta puntu batez galtzen iritsi ziren atsedenaldira.

Aldageletatik bueltan Lizarralderenek ezin izan zuten partzialarekin jarraitu eta bizkaitarrek nagusi izaten jarraitu zuten. Iraurgikoei nahi baino gehiago kostatzen zitzaien saskiratzea eta bizkaitarrek erraztasun gehiago aurkitzen zituzten. Gauzak horrela, sei puntu azpitik amaitu zuen etxeko taldeak hirugarren laurdena.

Eta orduan iritsi zen gureen benetako erreakzioa. Zurtekoek erritmoa igo zuten eta Leioakoek aurreko laurdenetako esfortzu fisikoa ordaintzen hasi ziren. Etxeko neskak, Itsaso Astigarragaren eta Oihane Aizpuruaren eskutik, tartea laburtzen joan ziren eta pixkanaka partiduari buelta eman zien. Erasoan fin ibiltzeaz gain, defentsan ere lan bikaina burutu zuten azkoitiarrek eta azkenean garaipena eskuratzen amaitu zuten.

Datorren larunbatean Getxora joango dira Zurt Taberna ISBko neskak 16. garaipena eskuratzeko asmotan.

Partzialak: 13-18, 21-17, 14-19, 17-8

ZURT TABERNA ISB

Garazi Arregi (4), Maite Lizarazu (5), Eider Bereziartua (6), Oihane Aizpurua (12), Intza Lizarazu (11), Itsaso Astigarraga (16), Ane Goenaga, Maitane Gurrutxaga, Aitziber Besga (4), Eneritz Larrañaga (7).

LEIOA SBT

Muro (2), Lekerika, Fernandez, Tena (13), Rodriguez (10), Sagarduy (16), Garces, Torres (13), Marin, Garcia (2), Unzetabarrenetxea (6), Gonzalez.