Garaipen sendoa lortu du Grupo Zaher ISBk

img
Argazkia: Javier Zurbano.

87 eta 46 irabazi zion Easo Aketegi taldeari eta horrela bigarren faseko lehen garaipena eskuratu du. Borja Bellosok zuzendutako jokalari guztiek lortu zuten punturen bat saskiratzea partiduan zehar.

Grupo Zaher ISBk Euskal Ligako bigarren faseko lehen garaipena eskuratu zuen eta gainera desberdintasun handiarekin egin zuen. Borja Bellosok zuzendutako taldeak 87 eta 46 irabazi zion Easo Aketegiri Azkoitiko kiroldegian. Entrenatzailearen ustetan “ez da izan garaipen bikaina baina buruan genituen mamuei aurre egiteko beharrezkoa izan da. Orain arteko lehen jardunaldietan ligako hiru talde onenen aurka jokatu dugu eta hau behar genuen” .

Zaher ISBkoek ondo hasi zuten partidua. Lehen minututik abantailak irekitzen hasi ziren eta lehen laurdena 13 puntutako tartearekin amaitu zuten. Dakiten jokorik onena egin ez arren, Iraurgiko taldeak tartea zabaltzen jarraitu zuen eta atsedenaldian partidua apurtuta zegoen: 41 eta 22.

Atsedenaldi ostean, Zaherrekoek lasaitasunez eta erlaxatuta egin zuten salto kantxara. Erraz jokatzen jarraitu zuten eta apurka tartea zabaltzen, baina bere jokoan urrats bat haratago joan gabe. Hala ere, hirugarren laurden amaierara 26 puntutako tartearekin iritsi zen etxeko taldea. Eta azken laurdenean, etxeko taldeak lanean jarraitu zuen, agian intentsitate gehiagorekin, eta kanpoko taldeak besoak jaitsi zituen. Ondorioz, 26 eta 11ko partziala lortu zuten Bellosoren mutilek eta amaierako emaitzara iritsi ziren: 87 eta 46.

Bellosoren hitzetan, pasa den asteburuan bezala, partiduko onena izan zen “jokalari guztiek minutu asko jokatzeko aukera izan zutela eta punturen bat saskiratzea lortu zutela”. Hala ere, gogoratzen du “Aitor Arriagaren baja garrantzitsuarekin jarraitzen dugu eta oraindik errekuperazioko aste batzuk gelditzen zaizkio”.

Datorren asteburuan Zaher ISBk partidu garrantzitsua jokatuko du Durangon. Bellosoren ustetan partidu horretan ikusiko da “ taldea noraino iritsi daitekeen hemendik denboraldi amaierara. Defentsan atera beharko dugu partidua eta gogoratu egin beharko dugu nor garen eta orain arte nola lortu ditugun horrelako partidu gogorrak irabaztea. Nor garen jakitun izan beharko dugu, gure gabeziak ezkutatu eta gure bertuteak atera” amaitu du.