Defentsan oinarritutako garaipena lortu du Zurt Taberna ISBk

img
Argazkia: Javier Zurbano.

31 eta 58 irabazi zion Autocares Alba La Salle taldeari eta partidu hori irabazita lauko finalerako sailkapena lortu du bost partiduren faltan.

Pasa den larunbatean, oso garaipen garrantzitsua lortu zuen Zurt Taberna ISBk Bilbon. Defentsan zentratutako partidua izan zen eta bi laurden on eginda 31 eta 58 irabazten amaitu zuten Joseba Lizarralderen neskek Autocares Alba La Salle taldearen aurka. Garaipen horrekin dagoeneko 18 dira gure neskek irabazitako partiduak eta bost partiduren faltan hurrengo faserako txartela lortu dute. Helburu hori lortuta, orain, sailkapenean ahalik eta goren gelditzea nahi dute Iraurgikoek.

Partidua oso ondo eta kontzentrazio handiarekin hasi zuten Zurteko neskek . Atzeko aldean zirrikitu guztiak ondo itxi zituzten eta erasoan ondo aritu ziren. Baloia erraz mugituz jaurtiketa onak aurkitu zituzten eta Garazi Arregiren eskutik , 4tik 3hiruko sartuta, hamabost puntutako aldea lortu zuten zortzigarren minuturako. Azkenean, laurdena hamalau puntutako abantailarekin amaitu zuten: 7 - 21.

Bigarren laurdena oso bestelakoa izan zen. Defentsan ondo itxiaz jarraitu zuten gureek, eta Bilbotarrek bost puntu bakarrik lortu zituzten. Erasoan, ordea, oso gaizki aritu ziren Zurtekoak eta bost puntu bakarrik saskiratu zituzten. Ez zituzten erabaki onak hartu Iraurgiko neskek eta ez zuten baloia ondo mugitu. Horrela, zaila egin zitzaien abantaila handitzea eta atsedenaldian 14 puntutako tartearekin jarraitzen zuten: 12 eta 26.

Aldageletatik itzuliak ez zien ideia garbirik ekarri Zurtekoei eta bigarren laurdeneko ildotik jarraitu zuten. Bilbotarrak zazpi puntutaraino gerturatu ziren eta partidua irabazi zezaketela sinesten hasi ziren. Hala ere, minutuak aurrera egin ahala, Zurtekoak beraien onera etortzen hasi ziren, eta laurden amaieran hamabi puntutakoa zen abantaila.

Azken laurden hasieran La Sallekoek azken bultzadatxoa egin eta zortzi puntutara gerturatu ziren. Zurtekoek, baina, ez zeukaten partidu hura galtzeko asmorik eta atzean gogortu egin ziren. Horrela, baloiak lapurtu eta saskiratze errazak lortzen hasi ziren. Sei minututan 0 eta 18ko partziala lortu zuten eta amaierako emaitzera iritsi ziren: 32 – 58.

Joseba Lizarraldek aipatu nahi izan du “garaipenaren gakoetako bat atzeko aldeko lan bikaina” izan zela, “beraien jokalari garrantzitsuenari ez baikenion partiduan sartzen utzi” .

Datorren asteburuan etxean jokatuko du Zurt Taberna ISBk, baina ez du ez ohiko lekuan, ez orduan eta ez egunean jokatuko. Partidua igandean, martxoaren 22an, izango da 12:30ean Azpeitiko kiroldegian. Oso partidu gogorra espero dute Zurt Taberna ISBkoek eta guztioi deialdia egin nahi digute animatzera joan gaitezen, merezi dute eta!

Partzialak: 7-21, 5-5, 12-10, 7-22

AUTOCARES ALBA LA SALLE

Bosch (2), Etxeandia (6), Berrocal (10), Barrena (3), Paz (3), Ruiz (4), Zaballa, Prieto, Perez (3), Ocio.


ZURT TABERNA ISB

Garazi Arregi (13), Maite Lizarazu (4), Eider Bereziartua (2), Intza Lizarazu (13), Itsaso Astigarraga (9), Ane Goenaga (4), Maitane Gurrutxaga (2), Aitziber Besga, Eneritz Larrañaga (11).