Klubeko lau entrenatzailek Euskadiko infantilen selekzioa zuzenduko dute

img
Argazkia: Iraurgi SB.

Joseba Lizarraldek, Luis Agirrek, Aritz Aldalurrek eta Jon Camposek ostegunean hasiko dute Espainiako Txapelketa Zaragozan. Euskadiko 12 neskatxa izango dituzte agindupean, eta horietatik lau Iraurgi taldekoak izango dira.

Datorren ostegunean, apirilak 2, infantil mailako Euskadiko Selekzioek Espainiako Txapelketa hasiko dute Zaragozan. Bertan, Iraurgi Saski Baloi klubeko zortzi ordezkari izango ditugu nesken taldean. Hamabi jokalariz osatutako taldea da Euskadikoa, eta bertan Iraurgiko Alaitz Ezama, Miren Ezama, Maite Merketegi eta Nerea Soraluze jokalariak izango dira. Horrez gain, eta ISBko historian lehen aldiz, lau azpeitiar izango dira taldearen agintean. Joseba Lizarraldek, Luis Agirrek, Aritz Aldalurrek eta Jon Camposek zuzenduko dute lehen aldiz Euskadiko infantil mailako selekzioa.

Txapelketa hasi aurretik beraiekin izan gara eta esperientzia berri honi buruzko elkarrizketa bat izan dugu beraiekin.

Iraurgi Saski Baloiko lau entrenatzaile Euskadiko Selekzioko hautatzaile. Nola iritsi zaizue aukera hori?
Joseba. Duela urte bat, gutxi gora behera, Euskal Federazioko Kirol Zuzendariak, Alex Aranburuk, esan zidan infantil nesken Euskadiko Entrenatzaile bezala nahi nindutela eta laguntzaileak neuk aukeratu ahal nituela. Hasieratik ideiak garbi izan nituen, Iraurgi Saski Baloiko maila guztietako entrenatzaileak izan nahi nituen ondoan. Beraz, hortik etorri dira Aritz junior bezala, Luis kadete mailatik eta Campos infantiletatik. Hirurek segituan onartu zuten nire proposamena eta hemen gaude laurok.

Eta nolakoa izan da ordutik orain arteko prozesua?
Aritz. Udaran uztailean aste bete Zarautzen egon ginen goiz eta arratsalde entrenatzen.
Joseba. Berrogei neskatxa izan genituen hasiera hartan.
Aritz. Gero, Gabonak inguruan hasi ginen berriro entrenamenduekin eta orain arte jarraitu dugu. Gabonetan hogei neskarekin hasi ginen eta apurka jokalariak kentzen joan ginen, eta orain 12 neska ditugu taldean.
Campos. Astebururo izan ditugu entrenamenduak ordutik, elurrak utzi digunean behintzat.
Joseba. Eta tartean hainbat lagunarteko txapelketa jokatzeko aukera izan dugu.

Nola bizi izan duzue zuek prozesu hori?
Aritz. Esperientzia berri bat izan da. Hasieran apur bat urduri ibili ginen, batez ere Campos eta ni. Pixkanaka-pixkanaka joan gara…
Campos. Hasieran gogorra, hamabikotea egin dugunetik askoz hobeto sentitu gara.
Joseba. Jokalariak kanpoan utzi beharra oso gogorra izan da guztiontzat. Beraiekin ibili gara, udaran astebete beraiekin bizi izan dugu,… batzuekin ideiak oso garbi genituen baina beste batzuekin ez. Hala ere, uste dut nahiko justuak izan garela eta dudarik ez daukat hamabi egokienak hautatu ditugula.
Aritz. Zenbat eta jende gutxiago gelditu, orduan eta zailagoa izan da erabakia hartzea.

Egun gutxi barru Zaragozara bidaiatuko duzue, denbora honetan guztian prestatzen egon zareten txapelketa jokatzera. Zein helbururekin zoazte?
Joseba. Lehendabiziko helburua goiko mailan mantentzea da. Ez da berdina Kataluniako edo Madrilgo selekzioen aurka jokatzea edo Ceuta edo Melillako selekzioen aurka jokatzea. Beraz, lehenengo helburua hori da. Hortik aurrera partiduz partidu hobetzen joatea nahi dugu.
Aritz. Lehiakorrak izatea nahi dugu. Ahal dugun guztia egin eta lehiatu. Gero, batzuetan emaitzak irteten dira eta beste batzuetan ez. Egiten dugunarekin gustura gelditzea da gure helburua.
Joseba. Gu ere hasiberriak gara…
Aritz. Hori da. Ez gara inoiz horrelako txapelketa batean entrenatzaile izan eta berria da guretzat ere.

Nolako taldea daukazue?
Luis. Fisikoki nahiko taldea handia daukagu, agian txapelketako jokalaririk altuena izango dugu 190 zentimetrorekin. Eta horrez gain, kanpotik oso jende bizkorra daukagu. Horrek, azkar jokatzeko aukera ematen digu eta baita kantxa osoko presioa egiteko ere. Talde ona daukagu.
Campos. Garrantzitsuena beraien artean daukaten giro ona dela esango nuke.
Aritz. Oso talde trinkoa da. Ez dago jokalaririk izugarri nabarmentzen dena, denak antzeko maila daukate.

Beti hitz egiten da Kataluniako selekzioaz, Madrilgo selekzioaz edo Kanarietako selekzioaz hemen. Nola uste duzue ikusten dutela han Euskadiko Selekzioa?
Luis. Talde gogorra bezala, irabazteko lan asko egin behar den horietakoa.
Joseba. Bai. Lagun arteko txapelketetan eta izan garenean hori esan digute… Uste dut aspaldiko urteetan Euskadiko Selekzioak ez duela horrelako garaierarik izan. Garaierak ez dizu ezer ziurtatzen, baina argazkia behintzat oso polita gelditzen da. Kar, kar, kar. Baina, nahiago dugu jendeak ez dezala ezer espero gugatik eta ea gero sorpresa ematen diegun.
Campos. Azken urteetan Euskadiko Selekzioek nesketan lan polita egin dute.

12 jokalaritik 4 Iraurgikoak dira. Zer esan nahi du horrek? 8:09
Campos. Infantiletan Euskadiko talde gogorrenetarikoa da Iraurgikoa.
Joseba. Niretzat garbi dago lana ondo egiten denaren seinale dela hori. Entrenatzaile oso onak daude behetik hasi eta goraino. Esate baterako, iaz Iraurgiko talde batek Espainiako azpitxapeldun atera zuen.
Aritz. Euskadi mailan inoiz ez du talde inork hori lortu.
Joseba. Gainera, Espainiako txapelketetara sarri-sarri joaten dira Iraurgiko taldeak. Euskadiko txapelketan ikusiko da, baina, uste dut, neska talde hau bere mailan onenetakoa dela.

Zer ekarri dizue zuoi esperientzia honek?
Joseba. Entrenatzaile bezala gauza onak eta txarrak izan ditu. Lehen esan bezala, jendea kanpoan uztea oso zaila izan da eta hori orain arte ez zitzaigun inoiz gertatu.
Aritz. Jende diferentearekin lana egiteko aukera eman digu. Egunerokoan beti etxeko jendearekin egiten duzu lan eta holako leku batean ezagutzen ez duzun jendeari zuk pentsatzen duzun hori transmititzeko aukera ematen dizu. Ez dakit nola azaldu, baina desberdina da… Oso sentsazio ona da.
Campos. Hori bai, entrenamenduak gaztelaniaz egin behar izan ditugu eta hori gogorra izan da… (Kar, kar, kar)
Joseba. Gozamena da maila oneko 12 neskatxa dena ematen ikustea. Bi orduko entrenamenduak motx gelditzen zaizkigu bai guri eta baita beraiei ere.

Beno, eskerrik asko zuen denboragatik. Zailena edo gogorrena egin duzue dagoeneko. Orain gozatzea gelditzen zaizue. Zorte on eta ea zuen helburuak bete eta hobetzen dituzuen.