Lehen postuaren bila

img
Argazkia: Javier Zurbano.

53 eta 63 irabazi zion Zurt Taberna ISBk Barañaingo Lagunak taldeari. Garaipen hori lortuta ia aseguratuta dauka Iraurgiko nesken lehen taldeak bigarren postua eta lidergotzaren bila doa.

Pasa den asteburuan Zurt Taberna ISBk garaipen garrantzitsua eskuratu zuen Barañainen. Engainatu egiten duten partidu horietakoa jokatu behar zuen Iraurgiko nesken lehen taldeak igandean, beraiek bigarrenak izanik Lagunak taldea sailkapeneko erdi aldean baitzegoen. Hala ere, behetik gora zetorren taldea da Nafarra eta duela aste batzuk liderrari irabazita gogotsu joan zen gure nesken aurka. ISBko neskek, baina, partidu serioa jokatu zuten eta 53 eta 63 irabazten amaitu zuten. Garaipen horrekin, Zurt Taberna ISBk ia aseguratu du sailkapeneko bigarren postua, eta lehenaren zelatan jarraitzen du.

Zurt Taberna ISBk oso ondo hasi zuen partidua. Oso zentratuta ekin zioten partiduari eta 7 eta 0ko partziala lortu zuen lehenengo minutuetan. Etxeko entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan zuen partziala gelditzeko, eta horren ondoren Iraurgikoek beraien jariotasuna galdu zuten. Gauzak horrela, etxeko taldeak partidua berdindu zuen eta horrelaxe amaitu zen lehenengo laurdena.

Lehenengoan bezalaxe gogor ekin zien gure neskek bigarren laurdenari eta berriro markagailuan aurretik jarri ziren. Hor hasi zen Zurt Tabernaren errezitaldia. Nafarren baloi irteera presionatzen hasi ziren eta baloiak errekuperatu ostean korrika egin zuten. Horrela, 14 eta 0ko partziala lortu zuten Iraurgiko neskek eta hemezortzi puntutako aldea ireki zuten. Partidua apurtzen ari zela zirudienean, ordea, etxeko taldeak hiru jokalditan hiruna puntu sartu zituen eta bederatziraino jaitsi zuen aldea laurden amaieran.

Atsedenaldian, ohikoa duten bezala, hirugarren laurdenaren garrantziaz hitz egin zuten gure neskek eta partidua apurtzeko erabakiarekin ekin zioten berriro partiduari. Aurreko laurdenekoaren antzekoa izan zen hirugarrena. Hasieran tartea zabaldu zuten gure neskek, baina partidua kontrolatuta zegoela zirudienean etxekoak esnatu eta aldea laburtu zuten. Berriro, aldeak asko txikitu ziren, eta laurden amaieran zortzi puntu goitik zen Zurt Taberna ISB.

Azken laurdena nahi eta ezina izan zen etxeko taldearentzat. Gureek ez zuten tartea gehiegi zabaldu baina ez zien utzi Lagunakekoei gehiegi gerturatzen. Lortutako aldearekin jokatu zuten eta nahiz eta 6 puntutara gerturatu segituan alde egin zuten Iraurgikoek. Amaieran 53 eta 63 adierazten zuen markagailuak, eta garaipena Azkoitira ekarri zuten Zurtekoek.

Orain Aste Santuetako atsedena izango dute gure neskek eta berriro apirilaren 11an itzuliko dira. Benetan partidu garrantzitsua izango da larunbatekoa Zurt Taberna ISBk Azpeitian liderraren aurka jokatuko baitu. Donosti Basket taldekoak partidu batera daude sailkapenean, eta beraz, gureek irabaziz gero lider jartzeko aukera izango dute. Ea horrela gertatzen den.

Partzialak: 12-12, 15-24,13-12,13-15

LAGUNAK

Zabalza (10), Diaz, Ansoain (11), Lorda (12), Laparte (2), Fuentes, Urtasun (7), Garcia (5), Santos, Izquierdo (5), Argota (1), Goñi


ZURT TABERNA ISB

Garazi Arregi (3), Maite Lizarazu (2), Eider Bereziartua (12), Intza Lizarazu (8), Itsaso Astigarraga (8), Ane Goenaga (3), Maitane Gurrutxaga (9), Aitziber Besga (6), Eneritz Larrañaga (12).