Zurt ISBk defentsako erakustaldia eman zuen liderraren aurka

img

Helburu guztiak bete ez arren, oso partidu ona jokatu zuten Iraurgiko neskek, eta garaipen bikaina eskuratu zuten.

.Garaipen gazi gozoa lortu zuten Iraurgi Saski Baloiko senior neskek ligako liderraren aurka. Alde positiboan, oso partidu serioa jokatu zuen Zurt Taberna ISBk eta liderrari irabazi zion, bestean, ordea, ezin izan zuen zortzi puntugatik irabazi, eta ez du lortu sailkapeneko buru jartzea. Hala ere, DBN Bera Berari 60 eta 57 irabazita sailkapeneko bigarren postua ziurtatu dute gure neskek eta horrela, lauko finala Azpeitian jokatzeko eskubidea irabazi dute.

Lehen laurdena oso berdindua izan zen, baina donostiarrek izan zituzten beti abantailatxoak. Erasoan ondo asmatu zuten Bera Berakoek eta beraien fisiko handiagoa aprobetxatu zuten barruko jokoan nagusitzeko. Hala ere, Zurteko neskek gogor borrokatu zuten errebotea eta hori eskuratuta korrika egiteko aukera izan zuten. Horrela, trantsizio azkarrak lortu zituzten gure neskek eta saskiratze errazak lortu zituzten. Atzeko lanean, berriz, bi taldeek kontaktu asko bilatu zituzten bat baten aurkako jokoan, baina ez ziren fin ibili laguntzetan. Horrela, puntu batez galtzen amaitu zuen Joseba Lizarralderen taldeak lehen laurdena,

Bigarren laurdena antzekoa izan zen, baina bi taldeei gehiago kostatu zitzaien saskiratzeak lortzea. Zurtek banakako defentsa gogorrarekin jarraitu zuen eta errebotean borroka eginez, baina donostiarren zonakako defentsan ataskatuta gelditu ziren. Korrika egin izan ez zutenez asko landutako erasoak egin behar izan zituen. Baloia ondo mugitzea lortu zuen arren, ezin izan zuen markagailuan abantailarik lortu. Bestalde, Donostiako taldeari ere asko kostatu zitzaion Zurtekoen banakako defentsari aurre egitea eta kanpoko jaurtiketa ugari egin behar izan zituen (gehiegi saskiratu gabe). Etxeko taldeak azken minutuan bi baloi lapurtu zituen eta kontraerasoan saskiratuta partidua berdindu zuen atsedenaldi aurretik.

Hirugarren laurdena ere oso berdindua izan zen. Iraurgiko neskek defentsako lan bikainarekin jarraitu zuten baina kanpoko jaurtiketetan ez zuten asmatu eta zaila egin zitzaien donostiarren zonakako defentsa apurtzea. Donostiarrei ere asko kosta zitzaien Iraurgikoen atzeko lanari aurre egitea eta beste behin puntu gutxiko laurdena izan zen. Aipagarria da gure nesken defentsako lan ona, aurrean sartu ez arren gogor lanean jarraitu baitzuten minuturo. Lan horri esker, bi puntutako desabantailarekin bakarrik amaitu zuen laurdena Zurtek.

Azken laurdena emozioz betea egon zen. Etxekoak partidua irabazteko helburuarekin egin zuten salto kantxara eta defentsa gehiago gogortu zuten. Beste behin baloiak lapurtzen hasi ziren eta kontraeraso azkarretan saskiratzen. Horrela, 12 eta 2ko partziala lortu zuten gure neskek, eta 8 puntutara ihes egin zuten; helburua lortzeko beharrezkoa zuten desberdintasuna. Baina donostiarrek lehen postua galdu nahi ez zutela erakutsi zuten eta Ane Aldalurrek taldeko ardura hartu eta bi hirukok eta saskiratze batekin partidua berdindu zuen. Gureak, ordea, ez zituzten besoak jaitsi eta Intza Lizarazuk saskiratutako bi hirukori esker berriro sei puntutara ihes egin zuten. Hurrengo jokaldian Aldalurrek jaurtiketa libre bat asmatu zuen eta bostera gerturatu ziren. Gureek azken jaurtiketa bat izan zuten beharrezkoa abantaila lortzeko, baina hirukoa ez zen sartu. Atzetik falta bat egon zen Azpeitian eta azkenean 60 eta 57 amaitu zen partidua.

Labur esanda, giro oneko eta bi talde handiren arteko partidu ona ikusi ahal izan zen Azpeitian.

ZURT TABERNA ISB 60 / 57 DONOSTI BASKET BERA BERA

Parciales: 20-21,12-11,10-12,18-13

ZURT TABERNA ISB

Garazi Arregi (4), Maite Lizarazu (6), Eider Bereziartua (4), Oihane Aizpurua (2), Intza Lizarazu (20), Itsaso Astigarraga (13), Ane Goenaga, Maitane Gurrutxaga (5), Aitziber Besga (2), Eneritz Larrañaga (4)

DONOSTIBASKET BERA BERA

Gabilondo (6), Eraunzetamurgil, Telleria, Mitxelena (3), Mazo, Aldalur (21), Iparragirre (10), Murillo (2), Otegi (11), Ormaetxea (4), Olazabal, Alza.