Iritsi da momentu erabakigarria

img

Junior mailako lauko finalak izango dira asteburuan Azpeitian eta Azkoitian. Infantil mailako nesken Gipuzkoako txapelketako finalerdiak ere jokatuko dira Azpeitian.

Junior mailako Euskal Ligako azken fasea ospatuko da datorren asteburuan Azpeitian eta Azkoitian. Liga erregularra amaituta junior mailako Iraurgi Saski Baloiko taldeak bigarren fasera pasa dira, eta aurreko postuetan gelditu direnez (neskak lehenen eta mutilak bigarren) txapelketa antolatzeko txartela eskuratu dute. Hori dela eta, Euskadi mailan onenetarikoak diren gaztetxoak ikusi ahal izango dira gure kiroldegietan datorren egunotan. Gainera, Euskadiko txapeldun izateko borrokaz gain, Espainiako txapelketetara sailkatzeko aukera izango dute parte hartzaile guztiek, eta horrek areagotu egiten du neurketen garrantzia.

Hilak 18an, larunbatean, nesken finalerdiak jokatuko dira Azpeitian, 11:00etan Aranur ISB k jokatuko du Tabirako Baqueren aurka eta 13:00etan Loiola Indautxu izango da Easo SBTren aurka. Gure neskek emango die hasiera txapelketari, eta irabazteko faboritoak izan arren partidu gogorra izango dute aurretik. Bi partidu horietako txapeldunak Euskadiko Txapelketa lortzeko aurrez aurre izango dira igandean 12:00etan Azpeitiko kiroldegian.

Mutilei dagokienez, larunbatean Azkoitiko Kiroldegia izango dute jokaleku. Han ere gure mutilek emango die hasiera lehiaketari; 10:00etan jokatuko du Glual Hydraulics ISBk Easo Aren aurka. Ondoren, Fundacion 5+11 talde gasteiztarrak eta Easo 98Ak jokatuko dute bigarren finalerdia. Mutilen kasuan ere igandean jokatuko dute finala, baina neskek egingo duten moduan, hauek ere Azpeitiko kiroldegian jokatuko dute: 10:00etan.

Infantil mailako Gipuzkoako Txapelketako finalerdiak

Juniorren txapelketaz gain, Gipuzkoako Infantil Mailako nesken txapelketa hasiko dira jokatzen Azpeitian. Gure ordezkaria den Eliku Dietetika ISBk, faborito nagusiak, 16:00etan jokatuko du Bera Beraren aurka igandean.

Beraz, asteburu bizia izango dugu Azpeitian eta Azkoitian. Gure talde guztiek denon animoak beharko dituzte titulua eskuratzeko.

Han ikusiko gara!

11:00 Aranur ISB Vs Tabirako Baque.

Talde bakarra egon da orain arte hiru aldiz gure neskei irabazi diena: Tabirako Baque. Lehenengo fasean bizkaitarrek bi partiduak irabazi zituzten (62 eta 51 eta 50 eta 52) eta bigarren fasean, Aritz Aldalurrek zuzendutako neskek erraz irabazi zuten lehen partidua (70 eta 40) eta galdu egin zuten pasa den astean (52 eta 41). Bi taldeen onena borrokarako daukaten indarra da, eta ez dago dudarik partidu ona eskainiko digutela. Aranur ISB joko oneko momentuan iritsiko da partidura eta moralez gainezka, baina gogotik lan egin beharko dute igandeko finalean egon nahi badute.

10:00 Glual Hydraulics ISB Vs Easo A.

Donostiarrak eta azpeitiarrak bosgarren aldiz topatuko dira larunbatean. Bi taldeek etxeko partiduetan garaipena eskuratu dute, eta beraz, bina partidu irabazita iritsiko dira neurketara. Oso partidu gogorra eta intentsitatez betea espero da Azkoitian. Oso fisiko altuko taldeak dira biak, eta erasoan ideia garbiekin jokatzen dute. Inork ez du amore ematen bozinak jotzen duen arte. Ander Arruti jokalari guztiekin iritsiko da azken fase honetara eta moralez beteta daude guztiak. Etxean jokatuta garaipena eskuratzea oso eragingarria da gure mutilentzat.