Portland-etik Idahora (I)

img

Aitor Zubizarretak aldaketa egingo du bere Ameriketako bidaian.

Iraurgi SBko beheko mailetan ibili ostean, mutilen Lehenengo Mailan eta Zilarrezko Adecco mailan jokatu ondoren Aitor Portland (AEB)-era joan zen. Bertako unibertsitateak hasieratik Aitorrengan izandako interesa handia izan zen, eta familia osoak babestu zuen gazteak bertara joateko hartutako erabakia. Guztiek ikusi zuten hura bai kirol eta baita aukera akademiko ona bezala.

Bi urte Portland Pilotsetan jokatu eta gero, ordea, azpeitiarrak aldaketa bat egitea erabaki du, eta saskibaloiko aukera gehiago bilatuko ditu bere ikasketekin jarraitzen duen bitartean. Aurten Pilots taldean izan duen papera ez da erabakigarria izan, 25 partidutan jokatu du eta 5,9 minutu jokatu ditu partiduko bataz beste. Agian ez du jakin bere entrenatzaileek bilatzen zutena ematen, edo agian entrenatzaileek ez diote berari garbi utzi zein zen bere eginbeharrekoa. Edo agian, Aitorren erasoko kreatibitatea eta baloia eskuan duenean erakusten duen naturaltasuna ez dira bat etortzen unibertsitateko saskibaloiarekin.

Arlo akademikoari dagokionez, Aitorrek erraz amaitu du bere bigarren urtea, eta bere ingelesa perfekziotik oso gertu dago. Gainera, ikasketa ohiturak hobetu ditu batxilergoarekin alderatuz gero. Baina garbi dago etxetik 12.478 kilometrotara joaten zarenean kirol eta aukera akademikoen bila, ezin zarela konformatu 5,9 minutu jokatuta.

Hala ere, Aitor pertsona bezala hazi den arren, jokalari bezala ere heldu da. Portlanden egon den denbora ondo erabiltzen jakin du, eta bere jokoko arlo ahulak sendotu ditu. Ziurrenik pertsona askorentzat ez du mereziko etxetik hain urrun egon eta kantxa gainean minutu gutxi izateak, baina Aitorrek edalontzia erdi betea ikustea erabaki zuen. Noski, etxekoen babesa funtsezkoa izan da momentu askotan, gaur eguneko komunikazio bideek aukera eman baitie aurrez aurre egoteko nahi izan dutenean. Zubizarreta familia beti hor egon da Aitorrek behar izan duenean.

Orain, baina, berriro jokatu nahi du. Jokalari sentitu nahi du Zubizarretak. Berriro proiektu bateko parte izan nahi du, baloratua sentitu eta jokalari garrantzitsua izan. Horregatik, kontsekuente izan da eta aukera onena, edo gehien erakarri duena, hautatu du. Unibertsitate ugarik erakutsi zuten interesa Aitorrengan baina honek bost bakarrik aztertu ditu.

NAIA (National Association of Intercollegiate Athletics) mailan jokatzea erabaki du Aitorrek. Ziurrenik beste jokalari gehienek nahiagoko zuten unibertsitateko lehen mailan jokatu, curriculuma gizentzen jarraitu eta itzulerarako aurkezpen eskutitz ona izan. Baina berriro minutu gutxi izateko aukera ikusi zuen maila horretan eta beste erabaki bat hartu du azpeitiar gazteak. NAIA James Naismit-ek sortu zuen 1937an eta unibertsitate eta ikastetxe txikiak hartzen ditu bertan. Liga horretan jokatu zuten lehen aldiz, 1948an, koloreko jokalariek; pentsaezina zen zerbait garaiko goreneko saskibaloian. Liga horretatik irten dute hain ezagunak diren Pippen, Dennis Rodman, Willis Reed , Earl Monroe eta Karl Malone handia.