Sekulako urratsa eman du Eliku ISBk Espainiako txapelketan

img

D taldeko faboritoak ziren Alamedari 40 eta 60 irabazita final zortzirenetara lehen sailkatu bezala pasatzeko aukera handiak dauzkate ISBko infantil neskek.

Iraurgi Saski Baloia taldeko infantil neskek garbi utzi dute, gaur, Espainiako Txapelketan ezustea eman nahi dutela. Eliku Dietetika ISBk 40 eta 60 irabazi dio Madrilgo lehen sailkatuari, Alameda taldeari, eta oso gertu dauzka final zortzirenak. Gainera, orain arteko bi partiduak irabazita ziurrenik taldeko lehen sailkatu bezala pasako dira hurrengo fasera.

Eliku Dietetika ISBko neskek ondo hasi dute partidua, gogoz beteta eta portaera bikainarekin. Defentsa gogorra planteatu dute lehen minututik, nahiz eta hasiera batean arazoak izan dituzten laguntzekin. 1x1en aurkako defentsan indartsu aritu dira gureak eta errebotea ere erraz kontrolatu dute. Hala ere, madrildarrek ere lan ona egin dute bai aurrean eta baita atzean ere eta oso laurden berdindua izan da. Azken bi minutuetan Iraurgikoek partzialtxoa egin dute eta aurretik amaitu dute lehen laurdena: 17 eta 20.

Bigarren laurdeneko bereizgarria Elikuren defentsako lana izan da. Madrildarrak erasoan ataskatuta gelditu dira eta zer egin ez zekitela ibili dira. Gureen intentsitatea gehiegizkoa izan da Alamedakoentzat eta azken minutuetan lortutako hiruko saskiratze bat izan da laurdeneko saskiraketa bakarra. Hori horrela izan arren, ordea, Elikukoak ere ez dira oso fin ibili erasoan eta ez dute abantaila handirik lortu. Azkarregi jokatu nahi izan dute eta erasoan akatsak egin dituzte. Hala ere, 3 eta 10eko partziala lortuta, atsedenaldira 10 puntutako abantailarekin iritsi dira.

Atsedenaldi ostean Madrildarrek partidua berdintzeko gogotsu egin dute salto kantxara, baina gure neskek ez zuten ezustekorik nahi eta defentsako intentsitatearekin jarraitu dute. Laurden honetan ez da saskiratze gehiegirik izan bi aldetatik, baina izugarrizko lana egin dute bi taldeek atzeko aldean. Horrela, Arantzaren bi saskiratzeri esker 6 eta 10 irabazten amaitu dute hirugarren laurdena gure neskek. Azken laurdena falta zenean 14 puntugatik irabazten zuten Xubiren neskek.

Partidu honetan Elikuk garbi utzi du denborak ondo kontrolatzen dakiela. Alamedakoek azken esfortzua egin dute markagailuari buelta emateko, baina Iraurgiko neskek gogor aurre egin die. Errebotea momentu orotan kontrolatu dutenez denbora askoan izan dute baloia eskuetan gure neskek, eta horri esker eroso jokatu dute erasoan. Gainera, gure taldea eroso dagoenean erasoan geldiezina da kantxa gainean. Hori dela eta, 3 minutu falta zirenean partidua amaitzeko Madrilgo taldeak besoak jaitsi ditu eta Nerea Soraluzek eta Mirenek ginda jarri diote pastelari. Horrela, azken partziala ere ISBrentzat izan da: 14 eta 20.

Bihar Burladaren aurka jokatuko du Eliku Dietetika ISBk 9:30ean eta irabaziz gero lehen sailkatu bezala pasako dira hurrengo fasera. A priori irabazteko partidua da Nafarren aurkakoa, baina, badaezpada ere jarrera berdina erakutsi beharko dute gure neskek.

Egurre Eliku!!!!!

- ALMEDA-ELIKU.pdf