Espainiako 8 onenen artean dago Eliku ISB

img

Final zortzirenetan partidu gogorra jokatu zuten Mallorkako CB La Salle Palmaren aurka, baina 71 eta 50 irabazten amaitu zuten. Gaur, 17:00etan jokatuko dituzte final laurdenak Kataluniako Sant Adriaren aurka.

Iraurgi Saski Baloia taldeko infantil neskek, Eliku Dietetika ISBk, Espainiako txapelketako final zortzirenak irabazi zituzten atzo. Jose Luis Zubizarreta “Xubi” ren neskek partidu gogorra jokatu zuten, eta nahiz eta alde handiarekin irabazten amaitu, azken laurdenean erabaki zen partida. 71 eta 50 hartu zuten mendean Mallorkako CB La Salle Palma, eta horrela final laurdenetarako pasea lortu zuten gure neskek. Gaur, osteguna, 17:00etan jokatuko dituzte Eliku Dietetika ISBkoek final laurdenak Kataluniako Sant Adria taldearen aurka. Oso partidu zaila dute aurretik ISBkoek, baina orain arte bezala dena emango dute garaipena eskuratzeko asmotan.

Eliku Dietetika ISBk ez zuen ondo hasi partida, eta Xubik hutsartea eskatu behar izan zuen egoera aldatzeko. Iraurgiko neskek urduritasunez hasi zuten partidua eta Miren bakarrik zen gai saskiratzeak lortzeko. Gainera, atzean, ez zeukaten defentsako intentsitaterik eta horrek erasoa baldintzatzen zuen. Hala ere, errebotea ondo kontrolatu zuten eta horri esker partiduan mantendu ziren. Aneren saskiratze bati esker Elikuk lehen partziala bereganatu zuen: 20 eta 16.

Bigarren laurdenean ere asmatu ezinik jarraitu zuten Iraurgiko neskek. Hiruko jaurtiketarik ez zuten asmatu eta bikoetako ehunekoak ere oso baxuak izan ziren. La Sallekoen defentsa ikusgarria izan ez arren nahikoa izan zen gureak blokeatzeko. Defentsan ere ez ziren aritu beste egunetako intentsitatearekin. Kantxa gaineko arlo guztietan berdintasuna nabari zen Pontevedran. Ondorioz, berdinketa lortu zuten bigarren laurdenean eta atsedenaldira 4 puntutako abantailarekin iritsi ziren.

Atsedenaldi ostean Nerea Soraluzek bere taldearen lehen hiruko saskiratzea lortu zuen. Berri on horrekin, taldea erritmoa bizitzen saiatu zen, baina egun txarra izaten segitu zuten. La Sallekoek ere ez zuten izan oso egun ona eta gutxi asmatu du. Momentu batean hiru puntutaraino gerturatu ziren Mallorkakoak baina Mariaren minutu onei esker berriro 5 puntutara ihes egin zuen Elikuk. Horrelaxe amaitu zen hirugarren laurdena.

Azken laurdena bikaina izan zen. Elikuk partiduko kontrola eskuratzea lortu zuen eta bere ohiko defentsa itogarria egin zuen. Partiduan zehar izandako erasoko minuturik onenak jokatu zituen taldeak, Mariak gidatuta. La Salleko neskak gasolinarik gabe gelditu ziren eta ezin izan zien erantzun Iraurgikoen motorrei. Azkenean, 22 eta 6 amaitu zen laurdena eta garaipena gure neskentzat izan zen: 71 eta 50.

Gaurko partidua zaila izan arren Elikuk joko ona egiten badu edozeini irabazteko adinako maila dauka, berdin du nor den aurkaria. Beraz, egurre ISB!

- ELIKU-SALLE.pdf