Errotaundi ISBk ezin izan zuen Beasainen liderrarekin

img

Errotaundi ISBk 66 eta 57 galdu zuen etxetik kanpo Arri BKLren aurka

Errotaundi ISBk Arri BKLren aurka jokatu zuen pasa den asteburuan. Beasainekoak liderrak dira eta maila altuagoetan jokatzera ohituta dauden jokalariak dituzte. Hala ere, partidak izan zuen emozio eta joko onik. Iraurgikoek hobeto hasi zuten partida erasoan defentsan baino, eta jaurtiketetan asko asmatu zutenez, markagailuan lehen aldeak zabaltzen hasi ziren. Lehen laurdenaren amaieran eta bigarrenaren hasiera artean lortutako 12 eta 0ko partzialak partidan izango zuten abantaila nagusia eman zien: 9 puntu (19-28, 11. minutua).

Hala ere, eta saskira begira euren trebetasunari agur esango baliote bezala, hurrengo minutuetan sekulako puntu lehortea eduki zuten, hurrengo 19 minutuetan 17 puntu bakarrik sartuta. Eta horiek arazo txikiak ez balira, faltez josten hasi ziren, beste jardunaldi batez kontrarioari jaurtiketa libre andana oparituz. Etxekoek egoera aprobetxatu zuten eta gutxika markagailuari buelta ematea lortu zuten. 41 eta 34 atsedenaldira.

Atsedenaldiaren ondoren Errotaundi ISBk bi saskiratze jarraian lortuta 3ra gerturatzea lortu zuen, 3 minutuan kontrarioa hutsean utzita. Baina boladari agur esan eta hurrengo bost minutuetan saskiratzerik lortu gabe gelditu ziren. Modu honetara, Arri BKLk bere errenta nagusia izan zena lortuko zuen: 52 eta 38, hirugarren laurdena amaitzeko minutu bakarraren faltan.

Hiruko marratik sartu eta sartuz, Iraurgikoak bi puntura jarri ziren amaierarako hiru minuturen faltan, baina prezipitazioa ez da lagun izaten eta jarraian egindako akats batzuk Arri BKLk ondo zigortu zituen. Azken minutuan sartuta, hakla ere, emozioak jarraitzen zuen, baina Beasainekoek jaurtiketa libreetatik egindako akatsak ez zituen aprobetxatzen jakin izan Iraurgik eta partida 66 eta 57koarekin amaitu zen.

Errotaundi ISBren hurrengo neurketa abenduaren 12an izango da, larunbata, TAKEren aurka, Azpeitian.