Euskadiko 10 Txapeldun Iraurgi SBn

  • isb.eus
  • 2015/12/08
  • Jokin Etxebarria
img
Euskadiko Txapeldunak

Pasa den asteburuan Euskadiko Junior Txapelketa jokatu da Beasainen eta bai mutiletan eta baita nesketan ere Gipuzkoako Selekzioa irten da garaile.

Pasa den asteburuko zubi erraldoia aprobetxatuz, eta urtero data hauetan gertatzen den legez, Euskadiko Junior Txapelketa jokatu da bai nesketan eta baita mutiletan ere. Aurtengoan zita Beasainen izan da eta bertan izan dira Iraurgi SBko 10 ordezkari parte hartzen: 4 jokalari eta entrenatzaile 1 mutilen selekzioan (Jon Zabarte, Aitor Astigarraga, Ander Merketegi, Aimar Olaizola eta Jokin Etxebarria) eta 5 jokalari nesken selekzioan (Eneritz Larrañaga, Oihane Aizpurua, Larraitz Larrañaga, Maitane Domínguez eta Izaro Lizundia). Eta guztiak ere Euskadiko Txapelarekin bueltatu dira etxera!!
Larunbatean jokatu zuten lehen neurketa eta Araba izan zen aurkari. Neskek oso erraz irabazi zuten hasieratik zeukaten nagusitasuna erakutsiz eta amaierarako 48 eta 86 irabazi zuten historia askorik eduki ez zuen partidan. Mutilek gehiago sufritu zuten. Nahiz eta lehen minutuetan markagailuan alde egin arabarrek asko estutu zuten neurketa euren presioarekin eta amaierako minutuetara arte ez zen neurketa erabaki. Momentu garrantzitsuetan burua hotz mantentzen jakin izan zuten gipuzkoarrek eta horregatik lortu zuten 57 eta 63 irabaztea.
Astelehenean mutilak izan ziren aurrenak jokatzen eta Arabaren aurka egin moduan Bizkaiari sekulako partziala eginda hasi zuten partida. Kontrarioen erreakzioa etorri zen, batez ere hiruko marratik, baina momentu oro ikusi zen Gipuzkoa nagusi zela eta azkenean 76 eta 68 irabazi zuten. Neskek ordea ikaragarri sufritu zuten eta hiru laurdenetan markagailuan azpitik ibili eta gero, azken laurden ikusgarri bati esker lortu zuten 56 eta 51 irabazten amaitzea.
Zorionak denei!!