Batzar Orokorra

img

Maier Lizasok presiditzen duen Zuzendaritza Taldea oso gustura gelditu zen asteazkenean egin zen Batzar orokorraren amaieran. Pozik, gerturatu ziren 200 lagunei Iraurgiren gaur egungo egoera azaltzeko aukera eduki zutelako.

Espero zena baino asistentzia gehiago edukita ere, Batzar Orokorrak esperotako bidea jarraitu zuen. Jose Luis Zubizarretak kirol mailako iazko denboraldi arrakastatsuaren memoria plazaratu zuen. Zilarrezko Leb ligan mantentzea, Emakumezkoen Bigarren mailara igoera, eta Espainiako txapelketatan 4 partaidetza, besteak beste. Gure gerenteak denboraldi honetarako kirol proiektua ere taularatu zuen, iazko maila ikaragarria mantentzeko nahia azalduz.

Jose Miguel Etxanizi egokitu zitzaion diru kontuei buruz hitz egitea. 2014-15 denboraldia diru galera txiki batekin amaitu zen, baina hein handi batean Garagardo Azokak emandako irabaziei esker konpentsatzea lortu da. Denboraldi honetan klubak 500 bat mila eurotako aurrekontuari egin beharko dio aurre y asko borrokatu beharko da aurrera atera ahal izateko. Kuota igoera posible bati buruz hitz egin zen, gaur egungo kuotekin nekez estaltzen baitira taldeek sortzen dituzten diru gastuak.

Berri eman zen beste gaietako bat Gipuzkoako emakumezkoen saskibaloia berrantolatzeko dagoen akordioa izan zen. Diputazioak (eta mundu guztiak) argi dauka oso zaila dela ekonomikoki probintzian elitezko bi proiektu mantentzea. Datorren astean, ia ziur, akordioa aurrera aterako da eta publiko egingo ditugu xehetasun guztiak.

Gure masa sozialaren galdera eta ekarpenek bete zuten Batzarraren azken partea.

Bertaratutakoek txalo zaparrada itzelarekin zoriondu zituzten taula gaineko kideak ekintzaren amaieran. Gure masa soziala pozik eta kontent da egiten ari den lanarekin eta oso kontziente da gainera zer nolako lanak ematen dituen Iraurgi bezalako “munstro” aurrera ateratzeak.

Eskerrik asko eta egurre Iraurgi!!!