Lehen aldiz galdu du etxean Errotaundi ISBk

img

Errotaundi ISBk 64 eta 68 galdu zuen Tolosako TAKEren aurka.

Laurden bakoitiek erabaki zuten larunbat arratsaldez Azpeitian jokatu zen partida. 5 eta 21 eta 7 eta 19ko partzialak jasan zituen Errotaundik laurden horietan eta horrek markagailua iraultzen saiatzera eraman zituen minutu askoan Iraurgikoak. Eta hala are, gauzak ondo egiten saiatu ziren eta minutu baten faltan puntu bakarrera gerturatzea ere lortu zuen.

Asko esaten dute zenbaki hotzek maiz. Gure jokalariek defentsa lanean despistatu xamar irten ziren kantxara eta TAKEk bikain aprobetxatu zuen oparia markagailuan aldea zabaltzen joateko. Errotaundi ISB dinamika txar batean sartu zen, puntu asko sartzeaz gain, erasoan prezipitazioak jota ibili zirelako eta ez zutelako asmatu uztaira begira. 18 puntuko aldea zabaltzeraino iritsi ziren kanpotarrak (3-21, 9. minutuan). Eta laurden amaieran ere diferentzia ez zen askoz txikiagoa: 5-21.

Bigarren laurdenean etorri zen etxekoen erreakzioa. Defentsan oso ondo ibili ziren eta horrek baliatu zien erasoan ere errazago jokatzea, eta jokaldiz jokaldi, abantaila murriztea lortu zuten 4 puntura gerturatu arte (21-25, 17. minutuan). Partidan sartzea lortu zuten granateek eta atsedenaldian neurketa bizi-bizi zegoela ikus zitekeen, nahiz eta abantaila txikia izaten jarraitzen zuten tolosarrek.

Hirugarren laurden hasiera guztiz suntsitzailea izan zen. Abantaila murriztea horrenbeste kostatu eta gero, di-da batean egindako ahalegin guztia zaborretara joan zen, 17 puntuko aldea eskuratu zuelako TAKEk (28-45, 34. minutuan). Lehen laurdenarekin alderatuz, arazo gehienak erasoan zeuden. Jaurtiketa txar txarrak eduki gabe, ezin asmatu ibili ziren. Hutsarte batek odol isuria gelditzea lortu zuen, baina laurden amaieran hala ere 17 gora ziren kanpotarrak: 33 eta 50.

Azken laurdenean Errotaundi ISBk lehen eta hirugarren laurdenetan huts egin zuena asmatu zuen. 31 puntu sartu zituen eta bigarren laurdenean bezala jokaldiz jokaldi aldea jan zuen puntu bakarrera jarri arte minutu baten faltan (59-60). Eta ahalegindu ziren markagailuari buelta ematen, baina TAKEk jaurtiketa libreen marratik, (8/8tik azken minutu horretan), partida erabakitzen jakin izan zuen.

Errotaundi ISBk 2015a Cafes Aitona Askatuaken kontra jokatuz itxiko du.