Ezinezkorik badago…

img
Perfumerías ahalguztiduna (Sonia González)

Perfumerias Avenida ahalguztidunak 14 partida jarraian irabazi ditu ligan; Añares Rioja ISBk jokatutako 15 partidak galdu ditu. Mirariak existitzen al dira? Larunbat arratsaldeko 18:00tatik aurrera ikusi beharko da.

Añares Rioja ISBk denboraldia hasi zuenetik daki partida guztiak egingo zaizkiola oso zail eta garaipenen bat lortzea Euroliga irabaztea bezain beste ospatu ahal izango zutela, baina horrek ez du garaipenaren bila joatea ekidin beharrik. Jokalariak hazteko balio du bizitzen ari diren esperientzia hau, eta hori lortzen ari dira, baina errazago egiten da bide hori garaipenen bat lortuta eta horregatik anbizioarekin jokatu behar da partida bakoitza. Orain, partida bat baldin badago irabaztea ezinezkotzat jo daitekeena, hori Perfumerias Avenidaren kontrakoa izan daiteke, eta Salamancan, are eta gehiago.
Bi aurrekontuei so egitea besterik ez dago taldeen artean dagoen aldea ikusteko. Perfumerias Avenida, guztia irabazteko eraikitako taldea da eta Europan eduki dituen zailtasunek bakarrik eraman dute taldean aldaketa batzuk egitera. Iristen azkenak Ewa Kobryn (1’93 m) poloniarra eta Alana Beard (1’80 m) amerikarra izan dira. WNBAko bi izar, Kobryn eraztun baten jabe da eta emakumeen saskibaloian azken hamarkadan egon den jokalari garrantzitsuenetako bat da. Pibota izan arren, eskumutur finekoa da, baina dohain bat baldi badauka, uztai azpiko mugimenduak dira, eskuin zein ezker amaitu dezakeelarik. Beard hegalekoa draftean bigarrena aukeratu zuten eta lau aldiz jokatu du “all star” ameriketako ligan jokatu dituen 10 denboralditan, partidako ligan 13’5 puntu sartu dituelarik. Egia da halaber, Vanesa Bleren baja izango duela taldeak luzerako belauneko lesio bat tarteko, baina jokalari zerrenda ikusiz gero… Gemelos, Marginean, Gidden, Ndour, Dominguez… guztia esanda dago.
Aste honetan bertan Uniqa Soproni irabazi ostean Euroligako final laurdenetara sailkatzeko aukera handiak dituen taldea da Salamankakoa. Baina horretaz gain, Emakumeen lehen mailan errekorra lortu du garaipen boladarekin (14 guztira jarraian). Ligan puntu gehien sartzen dituen taldea da (73 bataz beste) eta Kanaria Handiaren ondoren errebote gehien lortzen dituena. Eta defentsako lana ere itzela egiten du, bi talde bakarrik izan baitira kapaz 60 puntu baino gehiago sartzeko Perfumeriasen aurka.
Datuek edozein beldurtuko lukete. Baina Añares Rioja ISBk galtzeko ezer eta irabazteko asko daukanaren balentriarekin irten behar da kantxara. Beste aste batez ezin izango dute Roselisen laguntza eduki (oraindik Venezuelan jarraitzen du paper arazoekin), baina aurreko astean bera gabe ere, talde handi baten aurka oso lehiakor izan daitezkeela erakutsi zuten. Salamancakoek ere sufritu eta galdu zuten laurden bat gipuzkoarren aurka joaneko partidan eta Bibliak dio, behinola David izeneko batek Goliath garaitu zuela. Mirarietan sinesten duenik ba omen dago, existitzen dira? Batek jakin, baina gustura kontatuko genuke larunbatean horrelako mirari bat.
Egurre neskak!!!