Tekla egokiarekin asmatzea

img

Soraluce Bergararen aurkako porrota Bergaran (67 eta 66), bigarren faseko lehen jardunaldian.

Tekla egokiarekin asmatzea. Hori da Calderería Pako ISBri falta zaiona eman dezakeen mailatik gertuago eta minutu gehiagoan jokatu ahal izateko, baina hasieratik hasi gaitezen. Partida pasa den urtarrilaren 24an jokatu zen, igandea, Etxekoek Iraurgiren eskaera onartu eta partida aurreratu zuten eta hemendik berriz eskerrak eman nahi dizkiogu.

Partida gaizki hasi zen Caldereria Pako ISBrentzat. Despistaturik eta partidatik kanpo, ez zuten asmatu ez eraso egiten ez eta defendatzen ere, eta nahiz eta markagailuko desabantaila txikia zen, etxekoak beti aurretik ibili ziren. Soraluce Bergarak aurkariak emandako opariak aprobetxatu zituen eta 7 puntuko aldearekin iritsi zen atsedenaldira (37-30); granateengan sentsazio txarrak nabariak ziren.

Hirugarren laurdena izan zen gure jokalarientzat onena. Taldeak hainbat jokaldi on batu zituen bata bestearen atzetik eta markagailuan gerturatzeaz gain, laurden amaieran aurretik jartzea ere lortu zuen. 48 eta 49 eta partidan bete betean sartuta.

Azken laurdenean parekotasuna mantendu zen. Bi minuturen faltan Caldereria Pako ISB hiru puntu gora zen (60-63). Bergarakoek baina bi saskiratze lortu zituzten jarraian, taulaz lagundutako hiruko batekin, eta berriz aurre hartu zuten markagailuan. Nahiz eta aurkaria jaurtiketa libreen marrara eraman eta hauek hainbatetan asmatu ez, Calderería Pako ez zen saskiratze bat sartzeko gauza izan eta azkenerako Bergarak fase honetako lehen garaipena eskuratu zuen.