Asteburu beltza Errotaundi ISBrentzat

img

Errotaundi ISBk 54 eta 41 galdu zuen Santo Tomas Lizeoaren etxean eta igandean, aurreraturiko partidan 72 eta 77 galdu zuen baita ere Bostekoren aurka.

Bitik bi da Errotaundi ISBk pasa den asteburuan lortutako balantzea. Zoritxarrez baina, biak porrotak izan ziren. Bi partida oso ezberdinetan, Errotaundik ezin izan zuen ez Santo Tomas Lizeoa etxetik kanpo, ez eta Bosteko etxean garaitu.

Larunbat arratsaldean “okinak” Donostiara joan ziren Santo Tomas Lizeoaren aurka jokatzera. Lehen laurdenean defentsan bigun, erasoan ezin asmatu eta pazientziarik gabe jokatuz, partidaren minutu gehienetan markagailua etxekoen aldekoa nola zen ikusi behar izan zuten. Atsedenaldian aldea 7 puntukoa bazen, bozina joka zutela lortutako zorizko hiruko bati esker, atsedenalditik bueltan aldea 14ra jo zuen. Nahiz eta hirugarren laurdenaren amaieran Iraurgikoek diferentzia 8 puntutara jaistea lortu zuten (46-38), azken laurdeneko puntu lehorteak errekorrak hautsi zituen eta partida aurrez adierazitako 54 eta 41ekoarekin amaitu zen.

Igande arratsaldean Errotaundik Bosteko talde donostiarra jaso zuen etxean aurreratutako partidan, kontrarioek horrela eskatuta. Bai defentsan eta baita erasoan ere hasieratik iniziatiba hartuta, markagailuan agintzen ibili ziren atzeko lanaren intentsitateari eta erasoko efikaziari esker. Lehen laurdenaren amaieran abantaila 3 puntutakoa zen (18-15).

Bigarren laurdenean Bostekoren erreakzioa iritsi zen eta markagailuari buelta eman zion. Baina Errotaundi ez zen kikildu eta gutxika markagailuan agintzera bueltatzea lortu zuen, atsedenaldira 36 eta 31koarekin joan zirelarik.

Aldageletatik bueltan, 8 eta 1eko partzial batek partidan zehar edukiko zuen abantailarik handiena eman zion, 12 puntu hain zuen ere (44-32, 23. Minutuan). Zoritxarrez ez zuten lortu abantaila hori luzaroan eustea, donostiarrek, Txomin Lasaren bitartez, aldeak murriztu zituztelako di-da batean. Laurden amaieran 3koa zen aldea bakarrik (49-46).

Dena erabakitzeke, gure mutilak markagailuan zuloa zabaltzen saiatu ziren (57-51, 35. Minutuan), baina 0 eta 10eko partzial batek irauli egin zuen guztiz partida. Hortik aurrera parekotasuna ikaragarria izan zen, bi taldeek huts egin eta asmatu zutelako jaurtiketa libreen marratik, eta azkenean partida luzapenera iritsi zen, bozina joka zutela distantzi oso luzetik lortutako hiruko bati esker.

Luzapenean Errotaundi ISB ataskatu egin zen erasoko jokoa sortzerako orduan eta Bostekok, hiruko bati eta 8 jaurtiketa libreri esker garaipena eta bien arteko aberage partikularra eskuratu zituen, 72 eta 77 irabazita.

Datorren larunbatean, 16:00tan Azpeitian, beste aurkari gogor ba: Hernani.