Hori da pena hori!!

img

Caldereria Pako ISBren garaipena Askatuaken kontra 88 eta 75.

Kronika hori da pena hori!! Titulatu dugu eta baten batek galdetuko du, nolatan titular hori ordura arteko lider garaiezinaren kontra 88 eta 75 irabazi bazuten. Ba bai, hori da pena hori. Pena ez dugulako lortu maila honetan jokatzea denboraldi guztian zehar.

Egia esan, larunbateko partida ezusteko galanta izan zen. Ezustekoa ez zelako uste horrelako partida bat jokatuko zenik. Kronika irakurtzeko pazientzia duten irakurleei aurreztuko dizkiegun arrazoi batzuk tarteko, ez zen bat ere aste erraza izan. Baina kontua da, guztien sorpresarako taldeak denboraldiko partidarik onena egin zuela. Defentsan oso intentsu, oldarkor jokatuz, baloiak berreskuratuz… eta erasoan baloia buruarekin mugituz, baloi gabe ere bikain jokatuz eta jaurtitzerako orduan ere asmatuz.

Lehen laurdenean eta ezaugarri hauei so eginez, gutxika Caldereria Pako ISB aldea zabaltzen joan zen markagailuan eta laurden amaieran 21 eta 12koa erakusten zuen markagailuak.

Bigarren laurdena ere berdin hasi zuten eta diferentzia 17 puntuetara arte zabaldu zen (40-23, 17.min), baina donostiarren erreakzioak abantaila 10 puntutara murriztu zuen laurdena amaitu orduko (47-37). Laurden honetan defentsek gutxi egin ahal izan zuten erasoen aurrean, 26 eta 25ko partzialak erakusten duen moduan.

Hirugarren laurdenean lehen zatiko joko ideia berdinarekin jarraitu zuen Caldereria Pako ISBk eta Askatuakek partidak nola ihes egiten zion ikusi zuen. Izan ere, bere aurkariak eraman zuen momentu oro iniziatiba eta laurden amaieran aldea 19 puntukoa zen (71-52), laurden honetan ere 24 puntu sartu eta gero.

Azken laurdena nahiko parekatu izan zen azken bi minutuetara arte, orduan jaurtiketa okerrak egiten hasi ziren etxekoak eta horrek bisitariei diferentzia murrizteko aukera eman zien, aipatutako 88 eta 75 azken emaitzara iritsi arte.

Eta partida hau ikusi eta gero, espero eta desio dugu oraindik onena heltzear egongo dela.

Hurrengo partida Goierrin jokatuko du Caldereria Pako ISBk, nahiz eta oraindik ez dakigun noiz eta zein ordutan.